13/10/31

"GEROAK ESAN BEZA" ESKULTURA

"GEROAK ESAN BEZA" ESKULTURAREN LEKUALDATZEA 
  • 25. urteurrenerako Gotzon Etxeberriak egindako eskulturaren lekualdatze ekitaldia.
    -
  • Ikastolan Handian, Txistokiko eraikinean
    -
Duela 25 urte, "geroak esan beza"... 
gaur "izatea eraikiz"




ELKARRIZKETA: GOTZON ETXEBERRIA
"Geroak esan beza" eskulturaren sortzailea
Lierni Alkorta (Aita Larramendi Ikastola)

“Omenaldi bat egin nahian, eskultura Ikastolaren lehenengo gelei begira kokatuko dugu, Juanita Alkain plaza aldera begira” 

Ikastolako eraikin berriaren kokapenaren ondorioz, eta 50. urteurrena aitzakia gisara hartuta, aurrerantzean leku berria izango du Gotzon Etxeberria artistak (Andoain, 1952) orain 25 urte egin zuen ‘Geroak esan beza’ eskulturak. Ekitaldiaren bezperetan, orduko zein oraingo kontuak izan ditu hizpide. 

Orain 25 urte egin zenuen Andoaingo Ikastolarako eskultura, 25. urteurrena aitzakia hartuta. Zer nola oroitzen duzu garai hura? Nola sortu zen eskulturaren proiektua? 
Bigarren Hezkuntza Ikastolan ezartzeko garaiak ziren, eta nik hemendik kanpo horretan esperientzia banuenez, eta Ikastolako guraso nintzenez, Batzordean nengoen. Testuinguru horretan, 25. urteurrena egokitu zen. Hala, eskultura bat-edo, oroigarriren bat egiteko ideia sortu zen. Horrez gain, Ikastolaren historia bilduko zuen liburuxka bat egitea ere pentsatu zen, baita argazkiekin bilduma bat osatu eta erakusketa bat egitea ere... Eta halaxe, lanak banatu eta eskultura nik egitea proposatu zidaten, eta onartu nuen. Ez dakit, gauzak oso espontaneoak izan ziren.

Formari, materialei edo sorkuntzari dagokionez, zer islatu nahi izan zenuen? Zein izan zen abiapuntua? 
Gauza askorekin lotu nahi izan nuen: Ikastola, hezkuntza, hezkuntzaren esparru diferenteak: zientziak, humanistikoak, artistikoak… Eta bestetik, 25. urteurrena zen, eta hori ere jaso nahi nuen: 25 zela alegia.
Beraz, aurpegiaren ideia sortu zitzaidan, pertsonengan aurpegia delako gehien adierazten duena, baina kasu honetan aurpegiaren bidez nekeza egiten zitzaidan 25. urteurrena adieraztea. Aurpegiaz gain, hurrengo adierazkorrena eskua da. Nortasun agirian ere eskuaren aztarnak jartzen ditugu. Baditugu marrak, eta eskuak ere denak dira diferenteak. Hala, 1977tik aurrera, nire lana bi multzotan banatzen nuen: marrak eta izugarrizko koskorrak. Eta kasu horretan marrak erabiltzea erabaki nuen.
Matematikarena zen beste esparrua. Eskuekin kontatzen badugu, hamar arte, sistema hamartarra da. Baina bada aspalditik ezagutzen den beste sistema bat ere: sistema bitarra. Behatzen posizioaren bidez zenbatu daiteke. Esaterako, behatz txikia altxata 1 zenbakia islatzen du. Eta 25 zenbakia da, behatz txikia eta nagia altxata, eta besteak bilduta (ikus pegatinaren irudia). Pegatinak atera genituen irudi horrekin, eta eskuaren keinu horri marrak aterata bihurtu nuen eskultura, abstrakziora eramanda.

Tailer batean egin zenuen. Nolakoa izan zen prozesua? 
Behin baiezkoa emanda, kontuan izan behar nuen, kanpoan jartzeko zela, eta beraz, material iraunkorra behar zuen izan: burdina. Baina nola egin? Orduan, Sebastian Leterengana jo genuen. Hark bazuen tailer bat, Mendi, eta garai hartan galdaragintzaren esparruan egiten zuten lan gehienbat. Horrez gain, Ikastolako Batzordeko lehendakari izana zen. Hala, gure artean ere adiskidetasuna bagenuen eta eskultura tailer hartan egitea erabaki zen. Nik nire lana doan eman nuen, eta Sebastianek ere ez zuen ezer kobratu. Eta Sebastianek bi langile jarri zituen hori egiteko! Eta horrelaxe izan zen.

Eta izena ere jarri beharra zegoen… 
Geroak esan beza izena jarri genion. Orixeren poema baten zatia da, Euskaldunak liburuan jasota duena: “Geroak esan beza herri bat izan zen, edota hats emaiogun hontan iraun dezan”. Tituluarekin literatura dago, hezkuntzaren beste esparru bat. Eta gainera, 25 urte horietako lanari aitortza ere bai: Frankismo garaian hori dena garatzera ausartu ziren gurasoak, Eugenio Arregi bultzatzaile zela, bi andereño horiek, ikasleak… Eta beraz esan nahi nuen: haiek egin zuten, gu ari gara egiten, eta geroak esan dezala egin dugunak zein bide izango duen. Nolabait guztia lotuta dago: eskultura honetan artea dago, matematika, literatura, historia, herrigintzako sentimendua, euskaltzaletasunekoa… Eta horixe dena da.

Orain, eraikin berriaren kokapena dela eta, eskulturak toki berria izango du Ikastolan. Artista bezala, zer nolako sentsazioak eragiten dizkizu horrek? Eta, garai hartan zergatik erabaki zenuen Ikastolaren atzealdeko belardi horretan kokatzea (eraikin berria altxa den tokian)? 
Duela 25 urteko kokapena erabaki zenean, orduantxe jarri berria zen Bigarren Hezkuntza Ikastolan, eta ikasleek 18 urtera arte jarraituko zuten Ikastolan. Horregatik, bururatu zitzaidan eskultura jartzea txoko batean, eta han esparrutxo bat egitea ikasle helduek, han inguruan banku batzuk jarrita-edo, berriketan aritzeko eta egoteko toki bat izan zezaten. Bete zuen nire asmoa? Akaso ez, baina nik aukera hori ikusi nuen.
Orain, oso modu naturalean hartzen dut toki aldaketa. Ikastola handitzen ari da, eta orain tokiz aldatzea oso ondo iruditzen zait. Toki berria erabakitzeko, arkitektuarekin begira, bion artean ikusi genuen, oso leku aproposa dela oraingoa, bidegorriaren alboan. Ikastolaren lehenengo gelei begira kokatuko dugu, Juanita Alkain plaza aldera begira, omenaldi bat egin nahian. Lehen ezkutuan bazegoen orain agerian jarriko dugu. Beraz, ez dut deus negatiborik ikusten aldaketan, alderantziz.

Aldaketa hori baliatu duzu, gainera, eskultura apur bat berritzeko. Zein konponketa egin dizkiozu?
Burdin normal bat zen, baina gogortzeko egin genion prozesuaren ondorioz, eskultura beltza zen. Baina denborarekin herdoiltzen joan da, baina herdoila ez zaio “ondo” atera. Gero kendu zenean lurrean egon zen… eta garbitu beharra zegoen. Orduan zer egin den? Garbiketa lan bat. Herdoil guztia kendu, garbitu ondo, eta produktu kimiko bat eman diot herdoila ateratzeko, berniza gehiago irauteko, eta kito. Orain erdoil kolorea izango du.

25 urte joan dira, eta Ikastolak handitzen jarraitzen du… Aita zinen orduan, aitona orain… 
Ikasle ez nintzen izan, baina oso gaztetatik egon naiz Ikastolari lotua. 18 urtez geroztik, esaterako, Ikastolako bazkide naiz. 23 urterekin bi urtez irakasle izan nintzen, ondoren Donostiako Ikastola batean ibili naiz urte luzez, eta alaba Ikastolan sartzearekin batera Batzordean sartu nintzen, eta gero Gipuzkoako Ikastolen federazioko kide izan nintzen Andoaingo Ikastolaren ordezkari bezala. Eta orain Sarak segitzen du, bilobak.

‘Geroak esan beza’. Beti gaurkotasuna izango duen izena da. Aurrera begira zer opa diozu Ikastolari? Badirudi guztia hankaz gora doala. Baina ikastola ezin da konparatu iraganarekin. Begira non hasi zen. Lan egin beharko dela? Dudarik gabe. Baina besteek ere egin zuten. Ezin dena da, lo hartu. Orduan, noski, geroak esango du, baina niretzako kalitatezko produktu bat ematen bada, lan asko egiten bada, hezkuntza proiektu deigarri eta interesgarria eskaintzen baldin bada, eta euskaran oinarritzen bada, egingo du aurrera.



KOKAPEN BERRITIK ERE, GEROARI BEGIRA

Ikastolaren 25. urteurrena ospatzeko sortutako ‘Geroak esan beza’ eskulturaren toki aldaketarekin hasi dira 50. urteurrenaren ospakizun ekitaldiak. Ekitaldi xume baina hunkigarrian, Ikastolaren iraganari begiratuz etorkizuna eraikitzearen garrantziaz mintzatu dira parte hartzaileak. 

Gotzon Etxeberriaren Geroak esan beza eskulturak badu toki berria: Txistokiko egoitzan, bidegorriaren alboan eta Juanita Alkain plazara begira. Duela 50 urte, plaza horretako etxebizitza batean hasitako lanari egindako keinua. Eguraldiak gehiegi lagundu ez badu ere, ekitaldian izan dira, besteak beste, Ikastolako ikasle eta irakasleak, irakasle ohiak, Aitor Iriondo zuzendaria eta Arantxa Irigoras lehendakaria. Bertan izan dira Gotzon Etxeberria eskultorea, emaztea, alaba eta biloba lagun zituela, eta eskultura egin zen Mendi Tailerreko jabe Sebastian Lete zenaren emaztea eta semeetako bat. 


Ikastolako lau ikaslek, Andoaingo Txistulari Bandako txistularien doinuak lagun, dantzaturiko Agurrarekin eman zaio hasiera ekitaldiari, 12:00etan. Ondoren, Aitor Iriondo zuzendariak hartu du hitza, eta bertaraturikoei eskerrak ematearekin batera, Ikastola zoriondu du, bost hamarkadatako ibilbidean egindako ahaleginagatik eta bideagatik. 

Iriondoren hitzen ondoren heldu da eskultura bistaratzeko momentua: orain 25 urte bizi izandakoaren errepikapena, baina mende laurden gehiago izatearen balio erantsiaz. Gotzon Etxeberriak, Aitor Iriondok eta Arantxa Irigorasek taldelanean kendu diote oihala eskulturari, eta Etxeberriak hartu du hitza jarraian. Gogora ekarri ditu, besteak beste, 1988an eskulturaren ideia sortu zeneko garaiak eta uneak, baita eskulturaren irudiaren beraren esanahia eta sinbologia ere: sistema bitarrean behatzez 25 esaten ari den eskua baita, Geroak esan beza eskultura. 

Arantxa Irigoras lehendakariaren hitzekin eman zaio amaiera ekitaldiari. Irigorasek bertaraturikoei eskerrak ematearekin bat, datozen egunetan egingo diren ekitaldiak gogora ekarri eta ikastolazale guztiak horietan parte hartzera gonbidatu nahi izan ditu. 

Bazkardon ere urteurrena gogoan 

Txistokiko ekitaldiaren ordu berean, Bazkardon ere urteurreko ekitaldiei hasiera eman zaie. Eskulturarik ez, baina, 50. urteurreneko logotipoaren mosaikoa egongo da aurrerantzean Bazkardoko patioko horma batean. Eguraldi txarrak hala behartuta, Lehen Hezkuntzako 1 eta 2. mailako ikasleek soilik hartu ahal izan dute parte mosaikoa bistaratzeko ekitaldian. Agurtzane Arregi irakasleak Ikastolaren funtsa eta ibilbidea gogora ekarri ditu, eta oihala kendu eta mosaikoa bistaratu ondoren, Euskal Haurrak abestuz eman diote amaiera ekitaldiari.

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina